Gaurkotasuna
Atzealdea

'Herman Melville eta Moby Dick' zikloa Zuloaga Etxean datozen hilabeteetarako

Herman Melville idazle amerikarraren jaiotzaren berrehungarren urteurrena dela eta, Hondarribiko Udal Liburutegiak datorren hiruhilerorako bere lan famatuena den ‘Moby Dick’ eta itsasoarekin harremana duen jarduera desberdinez osatzen den programa zabala prestatu du.

2019·06·19


Herman Melville idazle amerikarraren jaiotzaren berrehungarren urteurrena dela eta, Hondarribiko Udal Liburutegiak datorren hiruhilerorako bere lan famatuena den ‘Moby Dick’ eta itsasoarekin harremana duen jarduera desberdinez osatzen den programa zabala prestatu du.

Aurkezpena gaur burutu da Zuloaga Etxean eta han izan dira Juan Luis Silanes Kultura zinegotzia,  Kote Guevara udal liburuzaina eta Egoitz Alcaraz, Psilocybe Elkarteko ordezkaria.

“Melville 1819ko abuztuaren 1ean jaio zen New York-en. Aurten beraz, 200 urte betetzen dira eta Udal Liburutegitik, iaz Frankenstein eta Mary Shelley-rekin egindako antzeko egitasmoa abian jarri du. Horretarako, hainbat ekitaldi prestatu dira,  film emanaldiak, solasaldiak, tailerrak, erakusleihoak eta kontzertuak egongo dira datozen hiru hileotan”.

“Hondarribia eta itsasoaren arteko harreman hurbiletik abiatuta datozen hilabeteetan liburutegian erakusketa bat ere izango dugu” dio Kote Guevarak. “Argitalpenak, liburuak, komikiak, aldizkariak, pelikulak eta kartelak aurkituko ditugu. Erakusketa aurrera eramateko Koldo Mitxelena Liburutegiaren Komikiteka, UBIK, Hondarribiko Done Pedro Itsas Gizonen Kofradia eta Hondarribiko herritarren lankidetza izan ditugu.

Programa zabal hau Hondarribiko kultur-eragile desberdinen elkarlanaren emaitza da: Judas Arrieta bezelako artistak, Menina edo Santa Maria Magdalena Arte tailerrak, ikasleak, merkatariak, Psilocybenea, Musika Eskola, Blagan euskara elkartea... Eskerrak eman nahi nizkieke lagundu diguten elkarte guztiei” amaitu du Guevarak.