Gaurkotasuna

Atzealdea

“Gu ere bertsotan” jaialdia ospatuko da ostegunean

LHko 4., 5. maila arteko ikasleak arituko dira bertsotan

2018·06·05


Ikasturte amaierarekin batera, bertsolaritzaz gozatzen ari diren haur eta gazteak elkar topatzeko
Hondarribiko Hondartza Kiroldegian jaialdi ederra ospatuko da ekainaren 7ko 17:15 eta 18:30ean. 

“Gu ere bertsotan” egitasmoaren barruan, Gurutzeko Alabak,  Talaia eta Ama Guadalupekoa Ikastetxeetako LHko 4., 5.  maila arteko  ikasleak arituko dira bertsotan.

Ikastetxeetako ikasle talde bakoitzak bost minutu inguruko emanaldia prestatuko du Gipuzkoako Bertsozale elkarteko adituaren eta ikastetxe bakoitzeko irakasleen laguntzarekin. 

Hondarribiarekin batera, egun Gipuzkoa osoko 52 herri eta 132 ikastetxetan 10.000 gazte inguru ari dira “Ahozkotasuna eta Bertsolaritza” proiektua lantzen.

 

Ahozko komunikazioa sustatzen

Proiektu honen bidez, gure eskualdeko gazteek aukera paregabea izan dute ahozko komunikazioa eta bertsolaritzaren oinarriak lantzeko. Bertsolaritzaren hainbat baliabide erabiliz lortu dute, besteak beste, ahozko adierazpena hobetzea, estrategia eraginkorrak bultzatzea, hizkuntza aldetiko sormena bultzatzea, jendaurrean egoteko eta hitz egiteko oztopoak gainditzea. 

Proiektuaren oinarri pedagogikoa “Bertsolaritzaren curriculuma Lehen Hezkuntza” lanean biltzen da eta oinarrizko material didaktikoa  “Gu ere bertsotan 1” eta “Gu ere bertsotan 2”  liburu eta ikus entzunezkoek osatzen dute.

Bertsogintzan “espezialistak” direnen laguntza dute ikastetxeek, bertsolari gazte talde batena hain zuen ere, eskola curriculumean bertsolaritzari sarbidea emateko. Ikasturte bakoitzaren bukaeran ebaluaketa bat egiten da, eta honen arabera proiektuari egokitzapenak ezarri, hurrengo ikasturtean jarraipena emateko. 

Proiektu hau aurrera eraman ahal izan da Hondarribiko ikastetxeen, Gipuzkoako Bertsozale Elkarte eta Hondarribiko Udaleko Euskara Zerbitzuaren elkarlanari esker.