Gaurkotasuna

Atzealdea

'Euskararen kriseilua' ekimena aurkeztu da gaur Hondarribian

Zuloaga Etxean aurkeztu da gaur goizean ‘Euskararen Kriseilua’. Euskara, elkarrekin zaindu, transmititu eta gure hizkuntza ohituren inguruko hausnarketa egiteko gonbidapena.

2018·03·21


Zuloaga Etxean aurkeztu da gaur goizean ‘Euskararen Kriseilua’. Euskara, elkarrekin zaindu, transmititu eta gure hizkuntza ohituren inguruko hausnarketa egiteko gonbidapena. Ekitaldian, Arantxa Berrotaran Euskara zinegotzia, eta Itsaso Lekuona, Euskaltzaleon Topaguneko ordezkaria izan dira.

“Hondarribiko familiei egin nahi diegun proposamen bat aurkeztera gatoz gaur” esan du Arantxa Berrotaranek. “Etxea ezinbesteko gunea baita hizkuntzaren transmisio eta sozializaziorako. Kalean, eskolan eta etxean, gertutik, hurbiletik egiten delako transmisio hori. Denok partekatzen dugu hizkuntza jaso, bizi eta hurrengoei pasatzeko ardura”.

“Hizkuntza su txiki, argitsu eta koloretsu baten moduan irudikatzen du aurkezten ari garen Euskararen Kriseilua egitasmoak. Hondarribiko Udalak, Euskaltzaleen Topagunearekin lankidetzan herrira ekarri  duen proiektua da hau.  Herriko hiru ikastetxeen elkarlana ere ezinbestekoa izan da egitasmoa martxan jartzeko”.

“Bi gonbidapen egiten dizkiegu 4 eta 8 urte bitarteko haurrak dituzten familiei” gehitu du Itsaso Lekuonak. “Lehenik euskararen sua bizirik mantentzea, Euskararen Kriseilua etxera eraman, zaindu eta hizkuntza erabiltzea”.

Izena emateko aukera

“Bigarrenik, Kriseilua etxean duten egun horietan, etxekoen hizkuntza ohituren inguruan hausnartzeko tarte bat hartu eta elkarrekin ohitura horiek hobetzeko konpromisoak aukeratzea. hondarribia.kriseilua.eus webgunearen bidez egin ahal izango da hausnarketa hori, bertan proposatzen den galdetegia erantzunez”.  

Parte hartzeko interesa duten familiek, webgune berean topatuko dute izena emateko aukera.  Apirilaren 10ean amaituko da epea eta izen emate horren arabera antolatuko dira Kriseilua etxera eramateko txandak. 

“Apirilean hasi eta ekainera arte ibiliko da etxez etxe Euskararen Kriseilua. Aste betez izango dute familiek etxean, eta ondoren beste familia batek hartuko du lekukoa. Amaieran, denon parte hartzea eskertu eta hartutako konpromisoak ospatzeko jai bat egingo dugu”.