Gaurkotasuna

Atzealdea

'Euskaraldia, 11 egun euskaraz' ekimena aurkeztu da Hondarribian

Gaur goizean aurkeztu da Hondartza Kiroldegiaren aurrekaldean ‘Euskaraldia, 11 egun euskaraz’ ekimena. Hantxe izan dira Txomin Sagarzazu Hondarribiko Alkatea, Kike Amonarriz euskaltzale eta eragile ezaguna, Martin Lizeaga Blagan Euskara Elkarteko presidentea, eta hainbat hondarribiar, arlo desberdinetako ordezkari eta aurpegi ezagunak.

2018·01·10


Gaur goizean aurkeztu da Hondartza Kiroldegiaren aurrekaldean ‘Euskaraldia, 11 egun euskaraz’ ekimena. Hantxe izan dira Txomin Sagarzazu Hondarribiko Alkatea, Kike Amonarriz euskaltzale eta eragile ezaguna, Martin Lizeaga Blagan Euskara Elkarteko presidentea, eta hainbat hondarribiar, arlo desberdinetako ordezkari eta aurpegi ezagunak.

Txomin Sagarzazu Alkateak eskerrak eman dizkie etorritako guztiei. “Hemen gauden guztion helburua berdina da. Gurea dugun euskararen erabilera sendotzea; jakin badakigu hizkuntza ezagutzen duten eta erabiltzen dutenen artean aldea dagoela, eta denon lana eta asmoa da tarte hori txikitzea. Hori dela eta, eguneroko ohitura eta lanetaz gain, ekimen berri batekin gatoz, eta horretarako ezinbestekoa dugu aurpegi ezagunak eta parte hartzea egotea proiektu garrantzitsu honetan”.

Martin Lizeagak pozik hartu du ekimena. “BLAGAN Elkartea sortu zenetik euskararen erabilera datuak oso kezkagarriak direla uste dugu, eta hau bezalako ekimenekin aurrera egin behar dugulakoan gaude. Ezinbestekoa da denon partehartzea eta gure aldetik prest gaude laguntzeko”.

11 egun euskaraz

Kike Amonarrizek ‘Euskaraldia, 11 egun euskaraz’ iniziatiba zer den azaldu du. “Herritarren hizkuntza-ohituretan eragiteko egitasmoa da, herritarrak euskarekiko ak­tibatuko dituena, Eusko Jaurlaritzatik eta Hondarribi­ko Udaletik Blagan Elkartearen laguntzaz bultzatuko dena. Hondarribian 2016an egindako kale neurketan eus­kararen erabilera eskasa eman zen, %24. Denon esku dago datu hori hobetzea, ekin diezaiogun bada gaurtik aurrera”.

“Euskaraldia, euskara egunaren aurretik 11 egunez martxan jarriko den dinamika bat da. 11 egun euskaraz ekime­na gauzatu nahi dugu Hondarribian, Euskal Herriko beste herri askorekin batera. Herritarrei eskatuko zaie bere hizkuntza portaerak aldatzea, euskara gehiago erabiliz edo aukera emanez. Horretarako bi figura sortu dira ahobiziak eta belarriprestak”.

“Informazio guztia urtarrilaren 25ean Itsas Etxea Auditoriumean egingo den hitzaldian emango dugu. Hartara, ahalik eta hiritar gehien hurbiltzea nahiko genuke, sektore desberdinetakoan eta helburu honetan laguntzeko prest daudenak. Askoren artean asko egin dezakegu” amaitu du Amonarrizek.