Gaurkotasuna

Atzealdea

"Eskerrikasko Hondarribia!" EMEKI Elkarteak Greziako errefuxiatuen aldeko kanpainaren kontaketa

Asteazken honetan, arratsaldeko 19:00etan Itsas Etxea Auditoriumean ekitaldi berezi bat izango dugu. ‘Eskerrikasko Hondarribia!’, EMEKI Elkarteak martxoan eta apirilean Greziako Katsikas-eko errefuxiatuen aldeko arropa bilketaren eta banaketaren kontakizunaz gozatu ahal izango dugu.

2016·06·19


Ekitaldiaren aurkezpena gaur burutu da EMEKI Elkartearen egoitzan, eta han izan dira Arantxa Berrotaran Gizarte Zerbitzuetako zinegotzia eta Leire Miguez, Elkarteko presidentea.

Haseratik EMEKItik herria inplikatu nahi genuen ekimen solidario honetan, eta orain nahi dugu herriak ikustaraztea denek egindako lana behar duen tokira iritsi egin dela, eta zituen helburuak bete direla. Eta Hondarribitik bidali den arropa guztia hain egoera tamalgarrian bizi diren errefuxiatuen eskuetara iritsi dela” esan du Leire Miguez-ek. “Ekitaldi irekia izango da asteazkenekoa, EMEKI egongo da, Udala baita, Hondarribitik joandako bolondresak ere han izango ditugu eta bertan izan zen HITZAk prestatutako argazki bilduma eta audiobisuala ere ikus ahal izango dute bertaratzen diren guztiek” dio Miguezek.

Arantxa Berrotaran zinegotzia pozik azaldu da ekitaldia egongo delako. “Herritik sortu zen ideia batetik, hainbat talde eta elkarte bildu dira, EMEKIren gidaritzapean, eta horregatik, dei egin nahiko nuke herritarrei ekitaldira joatea, han ikusi ahal izango dute bakoitzak proiektu honetan jarri duena behar den tokira heldu dela, eta Greziako errefuxiatuek bizi duten egoera latza eta gogorra nolakoa den hurbilagotik ikusteko”.