Gaurkotasuna

Atzealdea

'Blagan Eguna' larunbatean Hondarribian

Euskara kalera ateratzeko jai eguna antolatu da larunbaterako, egun osoz iraungo duen egitarauarekin

2017·05·30


Larunbata honetan, ekainak 3, BLAGAN EGUNA ospatuko da Hondarribian. Euskara kalera jai giroan ateratzeko helburua duen ekitaldiaren aurkezpenean Arantxa Berrotaran Euskarako zinegotzia, Martin Lizeaga eta Estitxu Arretxe Blagan Euskara Elkarteko kideak egon dira.

Arantxa Berrotaran zinegotziak esan duenez, “Udalarekin lankidetzan aritu da Blagan Elkartea. Beraiek egindako proposamena da, euskara kalera ateratzeko; prestakuntzan egiten ari diren lan handia eskertu egin nahi dut. Ia eguraldiak laguntzen duen eta hondarribiarrei parte hartzeko deia egin nahi nuke, ia egun bikaina egiten dugun denen artean”.

Martin Lizeagak esan duenez, “duela bi urte euskarak duen erabilera eta egoera kezkagarria ikusita sortu genuen elkartea. Kalean euskararen presentzia indartzea da helburua, eta Hondarribiko euskal komunitatea trinkotzeko asmotan sortzen dugu eguna, festa eta jai giroan egin nahi dugu ekimena. Eskerrak eman nahi dizkiot Udalari eskaini digun laguntzagatik”.

Estitxu Arretxek egitarauaren berri eman du. “Goizetik musika izango dugu herrian, eta irratsaio bat egongo da Nikolas Aldai eta Koldo Emeryren eskutik. 13:00etan kalejira egongo da arraunlariek Arraun Elkartetik traineruetan “ ITXEKI EUSKARARI ” leloa duen pankarta eramango dute Kai Zaharreraino. Han, korrikalari, mendizale, txirrindulari eta elkarte desberdinetako partaideekin elkartu, eta Abiyuan txaranga eta erraldoien konpartsarekin batera kalejiran joango dira herritik zehar, San Pedro kaleraino”.

Eguerdiko 14:00etan datorren abenduaren 3rako, Euskararen Egunerako hain zuzen,  500 hondarribiarren irudia jaso nahi duen mosaikoaren aurkezpena egingo da Arrantzale Auzoko plazan, baita bazkari herrikoia ere. Sarrerak Blagan Kafetegian eta Itxolan eros daitezke, 15 eurotan helduentzat eta 8 euro haurrentzat.

“Arratsalde partean dantzaldia egongo da eta Elektropatxarangaren kontzertua gune berean. Laguntza eta partehartzea eskatu diegun elkarte eta norbanako guztiei baietza borobila eman digute, eta oso eskertzekoa da” amaitu du Arretxek.